XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izugarrizko sokatirak, tentsioak eta konfliktoak daude eta hori ondo esaten du Txepetxek: gaur egun hizkuntzen artean errealitatean, desberdintasunaren printzipioa da nagusi eta berez hizkuntzek berdintasunaren printzipioan oinarritu beharko lukete.

Ez zegok hizkuntza bat bestea baino hoberik, edo ederragorik edo, handiagorik, baina hizkuntza batzuk dituk nagusi eta besteak menpekoak hizkuntz inperialismoa dagoelako eta egoera hori dagoen neurrian hizkuntza batzuk besteei jan egingo diete lekua eta gatazka sortuko da.

Konkretuki, frantsesaren eta ingelesaren artean, batek internazional mailako espazio hori galtzen badu, hizkuntza beste maila batera jaitsita gelditzen duk, alegia, frankofoniaren mugara eta frankofoniaren gatazka galtzen duen heinean, exagonora etab., etab.

Bazirudik konfliktoa hor dugula, eta normalizazioa dela konfliktorik ez izatea, lasaitasunera iristea eta tentsioak bukatzea.

Baina dudarik ez zegok normalizazioa prozesu bezala ez dela konfliktotik kanpo gelditzen, alderantziz baizik, konfliktoan parte hartzen duela hain zuzen ere indar-erlazioak aldatzeko, gaurko indar-erlazioak guztiz desorekatuak direlako, euskararen kontra.

G.: Lasaitasunaren sinonimo gisa normalizazioa erabilita, euskararen desagerpena garbi-garbia da.

I.L.: Noski, konformismoaren bidetik gaur euskarak ez zeukak irtenbiderik, ez euskarak eta ez inolako hizkuntz minorizatuk.

Egoera minorizatuarekiko konformismoa suizidioren pareko gertatzen duk.

G.:Hor aipatu duk etapa trantsitorio batzuk daudela, ezta?.

I.L.: Bai, aipatzen diren normalizazioa berdin elebitasun orekatua, berdin legeztatzea, berdin ofizialkidetasuna lortzea... horiek helburu bezala hartzen dira, eta nik uste diat ezetz, ez direla helburu bezala hartu behar.

G.: Galdera litzateke: helburu gisa, hizkuntz nagusi eta esklusibo hortan jarriaz helburua, eten daitezkeen etapa batzuk badaudela, fase batzu bezala.

I.L.: Nik uste diat Txepetxek helburu trantsitorio horiek definitzea intentatu duela bere lehen aipaturiko liburuan.

Berak egiten duen eskema horretan abiapuntua izango litzateke etenduraren gunea deitzen duena.

Gune horretan galera prozesuaren ralentizazio edo frenatze bat ematen duk, hizkuntz komunitate batek kontzientzia hartzen duelako eta ez dagoelako prest desagertzeko.

Etenduraren gune horretatik abiatuz, lehen urrats bezala konpaktatzea deitzen duena proposatzen du.

Nolabait esateko, hiztun osoak direnen nukleotik abiatuz, nukleo horren inguruan biltzen joan beharko luketela maila desberdinetako hizkuntzaren hiztun taldeek.

Gero berak dagoen legeriaren kuestionamendua eta aldaketa planteiatzen dik, dagoen legeria oztopo gertatzen delako hizkuntzaren normalizazio-prozesua ziurtatzeko eta gero oztopo psiko-sozialak planteiatzen dizkik: jendearen hizkuntzarekiko atxekimendu-aldetik dauden eskasiak, jarrera hotzak edo epelak, edo hizkuntzarekiko gorrotoraino zabaldu daitezkeen jarrera ezkor horien positibizazioa, azken batean, hizkuntzaren autorreprodukzio-egoera batera iristeko.